Errealismo sozialista
Errealismo sozialista komunismoaren ideiak artean islatzea helburu duen korronte estetikoa da. Sobietar Batasunaren garaian korronte artistiko nagusienetako bat izan zen, batez ere Iosif Stalinen garaian. Txina eta beste hainbat herrialde sozialistetan ere badaude korronte honen obrak.
Sobietar Batasunean
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hirurogei urte inguruz Sobietar Batasuneko korronte artistiko ofiziala izan zen errealismo sozialista. Komunismoaren ideiek ondasunak guztionak direla esaten duenez, artearen ekoizpena propaganda erreminta indartsu gisa ikusi zen. 1917ko Urriko Iraultzan Proletkult (Proletarioen Kultura eta Ilustraziorako Erakundeak) deituriko instituzioa ezarri zuten boltxebikeek, eta arte zerbitzua proletarioen diktaduraren eskuetan jarri zen.
Sobietar Batasunaren hasierako urteetan lan mota asko egin ziren Proletkult instituzioaren baitan. Iraultza politikak, eta, erradikalak zein berritzaileak ziren arte korronteak osagarri bezala ikusiak zeuden. Artean konstruktibismoa eman zen nagusiki; poesian, berriz, abangoardia berriak.
Hau guztia, ordea, ez zuten begi onez ikusi Alderdi Komunistako zenbait kidek, eta inpresionismoa edota kubismoa bezalako mugimenduak baztertu zituzten. Azken batean, “arte burges eta dekadente” gisa zeuden ikusiak. Irudikatu gabeko estiloak proletarioek ulertuko ez zituela iritzi zioten, eta ezingo zela propaganda egokia aurrera eraman. Beraz, errealismo sozialista estilo “dekadente” horien guztiei aurre egiteko jarrera zen.
Errealismo sozialista politika arloan kudeatzen hasi zen 1932an, Stalinek Arte erakundeen eta literaturaren berregituraketarako dekretua indarrean sartu zuenean. Idazle Sobietarren Batasuna sortu zen idazleen argitalpenak kontrolatzeko. Ildo ofizialetik aldentzen zen artista oro zigortua izan zen. Lanetako formak eta edukiak mugatuak ziren, hala, erotismoa, erlijioa, abstrakzioa, surrealismoa eta espresionismoa debekatuta zeuden. Era berean, barne-gogoetak, zentzugabekeriak, eta artea egiteko forma askeak ez zeuden onartuta. Honen guztiaren arrazoia zen proletarioek ez zituztela edukiak ulertuko eta, arte eredu horiek iraultzaren aurkakoak zirela.
Stalinen heriotzaren ondoren (1953) murrizketak lasaitu ziren arren, argitalpenek kontrolak jasan jarraitu zuten. Artista askok erbestera jo zuten arrazoi horregatik. 1974an esaterako, Mosku kanpoaldean egin zen arte erakusketa bat bertan behera utzi zuten. Artelanak apurtu edota eraitsi egin zituzten. Mikhail Gorbatxovek perestroika martxan jarri zuenean artea ulertzeko beste korronteak bizitu egin ziren, baina errealismo sozialistak ere aurrera jarraitu zuen estatuaren arte ofizial bezala, 1991. urtera arte. Sobietar Batasunaren gainbehera iritsi zenean soilik hasi ziren artistak zentsurarik gabe lanean.
Beste herrialdeetan
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Errusiako Iraultzaren ondoren munduan zehar barreiatu zen errealismo sozialistaren korrontea. Literatura sozialistaren ezaugarriak 1920ko hamarkadan ezarri ziren Alemania, Frantzia, Txekoslobakia eta Polonia bezalako herrialdeetan. Mendebaldean honako idazle hauek garatu zuten errealismo sozialista: Louis Aragon, Johannes Becher, Jaroslav Hasek, eta Pablo Neruda. [1]
Sobietarrek kontrolatutako beste errepubliketan indarrean sartu zen errealismo sozialistaren doktrina 1949tik 1956ra. Literatura eta arte bisual guztiak hartzen zituen bere gain, baina lorpenik ikusgarrienak arkitekturaren arloan egin ziren. Azken honek balio handia izan zuen ordena sozial berria ezartzerako unean. Herritarrengan komunismoa indartzea eta haiengan eragitea zen helburua. Arkitektoek betebehar garrantzitsua zuten, ez bakarrik kaleak edota eraikinak egiterakoan. Izan ere “giza arimaren ingeniari” bezala zeuden ulertuak. Gaur egun esan daiteke Ipar Korea, Laos eta Vietnamen dirautela indarrean errealismo sozialistaren ezaugarriek. Txinak kasu batzuetan soilik erabili izan du errealismo sozialista, propaganda afixak argitaratzerakoan esaterako. Komunistak ez ziren herrialdeetan itzal gutxi izan zuen errealismo sozialistak, artelanak erabat kontrolatzen zirela ikusia zegoelako. Komunistak ziren herrien artean Yugoslavia izan zen salbuespenetako bat, 1948tik aurrera baztertu baitzuen sistema sobietarretik zetorren errealismo sozialista. Artisten artean askatasun gehiago zegoen. [2] Garai hartan Yugoslaviako intelektualetako bat zen Miroslav Krležak hitzaldi bat eman zuen Yugoslaviako Idazleen Elkartearen hirugarren biltzarrean, 1952an. Hitzaldi hark aro berri baten hasiera markatu zuen Yugoslaviako arte korronteetan, errealismo sozialista dogmatikoa baztertu egin zuen eta.
Sustraiak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]XIX. mendearen erdialdekoak dira errealismo sozialistaren lehendabiziko agerpenak. Literatur iraultza bat suposatu zuen mugimenduak Britainia Handian eta Frantzian. Errusian, XX. mende hasieran hedatu zen errealismo sozialista, batez ere, Maksim Gorki idazlearen lanei esker. Beste idazle batzuek ere bere egin zuten korrontea: Katsiubinsky Rainis, Akopian, eta Edvoshvilik esaterako. Eguneroko bizimodua ikuspuntu sozialista batekin konbinatu zuten. Errealismo sozialistak, ordea, bazuen ezaugarri politiko bat, sobietarren politikak kudeatutakoa. Zentsura eta argitalpenen kontrola zen politika haien ezaugarrietako bat, baina ez zen sobietarrekin hasi mugatzea; aspaldiko ezaugarria zen zentsura Errusiako bizimoduan. Gobernu Tzaristek zentsura erabiltzen zuten liburuak argitaratzekoan baina Errusiar Inperioko idazle eta artistak abilak izan ziren zentsura saihesten. Halere, sobietarren zentsura ekiditea zailagoa zen.
Errealismo sozialistak neoklasizismoan eta XIX. mendeko Errusierazko literaturan ditu bere erroak, herri xumearen bizimodua deskribatzen baitzen bertan. Maksim Gorkik egin zituen lan adierazgarrienak. Errealismo sozialista sobietar sistemaren produktu bat izan zen. Merkatudun herrialdeetan artistek euren lanak salduta eramaten zuten aurrera bizimodua. Sobietar gizartean, berriz, merkatua ezabatua zegoen eta artistak estatuaren zerbitzura aritzen ziren. Hala, hainbat artista estatuaren langile bilakatu ziren, betiere, oinarrizko betebeharrak betetzen bazituzten. Artistek hezkuntzan trebatuak eta lehiakorrak izan behar ziren. 1934ko batzarraren ostean, estatuak lau arau jarri zituen artelan bat errealismo sozialista bezala sailkatua izan zedin 1. Proletarioentzat arte ulerkorra izatea. 2. Eguneroko bizimodua islatzen duten pertsonak azaltzea. 3. Irudikapenari dagokionez, zerbait erreala izatea. 4. Estatuaren eta alderdiaren helburuak goratzea.
Ezaugarriak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Garapen sozialista baten alde proletarioak egiten duen borroka eta lortutako arrakasta goratzen ditu errealismo sozialistak. Idazle Sobietarren Batasuneko estatutuek honakoa zioten errealismo sozialistari buruz 1934an.
Sobietar literaturaren eta literatura kritiken oinarria da. Artistari egia eskatzen zaio, errealitatearen irudikapen historikoa garapen iraultzailean azaltzea. Bestalde, aldaketa ideologikoari lotuta egon behar dira errealitatearen irudikapen historikoa eta egia, langilearen hezkuntza sozialismora bideratuta.
Langile arrunta goratzea zen asmoa, nekazaria edota industria arlokoa izanda ere. Haren bizimodua eta lana miresgarri bezala azaltzea zen xedea. Beste era batera esanda, jendea komunismoaren ezaugarriekin heztea zen asmoa. Azken helburua Leninek aipatutako “gizaki berria” sortzea zen, Gizaki Sobietar Berria. Stalinek, bere aldetik, “arimen ingeniari” giza izendatu zituen errealismo sozialista lantzen zutenak.
Errealismoa lortzea garrantzitsua zen. Langilea bera, zen bezalakoa, lanerako tresneriarekin azaltzea zen garai hartako arte sobietarraren beste helburuetako bat. Era batean, Mendebaldeko eta AEBetako artearen bilakaera biltzen ditu mugimenduak, gizakia baitzen hango nobela, olerki edota artearen erdigune. Proletarioa zen ideia komunisten erdigunea, beraz, aztertu beharreko gaia zen haren bizimodua. Tsarren agindupean egiten zen artearen aurrean, aldaketak ekarri zituen mugimendu berriak; baina antzekotasunak ere izan zituen XIX. mende amaierako mugimenduekin, jende arruntaren bizimodua islatzen baitzuen. XX. mendeko Mendebaldeko artearekin alderatuta, aurreikusteko moduko artea bezala zegoen kontsideratua errealismo sozialista. Nekazari edota industriako langile gihartsuak pozik irudikatzen ziren. Stalinen garaian, diktadorearen heroi gisako potretak egiten ziren gurtzea hedatzeko. Industria eta nekazaritza arloko paisaiak ziren gairik ohikoenak eta horren bidez ekonomia sobietarraren lorpenak goratzen ziren. Nobela idazleek doktrina marxistari buruz idatzi behar izan zuten, materialismo dialektikoari buruz. Musika konpositoreek ere proletarioen bizimodua eta hauen borrokak bizitu behar zituzten.
Errealismo sozialistari egiten zaizkion zenbait kritika
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Errealismo sozialista askotan izan da kritikatua, alderdiaren doktrinaren araberakoa izan delako, eta, benetako arteak mugatu dituelako.
Zenbaiten arabera, errealismo sozialistaren produktuak kaskarragoak dira errealitatearen ikuspegia mugatu egin izan zaielako artistei. Korronte honen beharra ez zuten marxista guztiek onartu. Batzuek esaten dutenez, Marx, Engels eta Trotskik artearenganako ikuspegi oso liberala zuten, eta honek kalte egingo lioke beraien propaganda ideiari. Azken finean, kontraesana lortuko litzateke beraien ideietan bertan.
Saiakera marxista lantzen zuen Georg Lukács hungariarrak errealismo sozialistaren zurruntasuna kritikatu zuen. “Errealismo kritikoa” proposatu zuen alternatiba gisa. Halere, bere ahots kritikoak ez ziren 1980ra arte aintzat hartu.
Argazki galeria
[aldatu | aldatu iturburu kodea]-
Lenin, Isaac Brodskiy-ek margotua.
-
"Mehatzaria" Boris Eremeevich Vladimirski-k irudikatua
-
Erreaslismo sozialistan oinarritutako estatuak, Varsoviako Kultura eta Zientzien Jauregian.
-
Varsoviako hilerri militar sobietarraren irudikapena. Langileak azaltzen dira soldadu irabazleak goratzen.
-
"Ezkontza biharko kale batean", Yury Pimenov.
-
Lehendabizko traktorea Vladimir Krikhatsky-ek margotua.
Ikus, gainera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ (Ingelesez) D.F. Markov eta L.I. Timofeev, "Socialist Realism"
- ↑ (Ingelesez) Yugoslavia: Introduction of Socialist Self-Management
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- (Ingelesez) Marxists.org Errealismo sozialistari buruzko web orria
- (Ingelesez) Errealismo sozialistaren arte galeria
- (Ingelesez) Arte politikoen museo birtuala – Errealismo sozialista